2010/05/13

Oiangurako «proiektu berria» landu nahi du EAk

.
.


Oiangurako «proiektu berria» landu nahi du EAk

«Galtzaile eta irabazle arteko lehia» baztertu, eta ahalik eta proiektu integratzaileena egitearen aldekoa da.

Ordiziako Udalak Oianguren Parkearen kontzesioa «ahalik eta azkarren» berreskuratu behar duela uste du Ordiziako Eusko Alkartasunak, eremu horretan zer egin behar den erabakitzeko. Eta behin hori argituta, honako urratsa egitea proposatu du: «Guztion artean proiektu bat eraikitzeko aukerak zabaldu behar dira. Ez dugu galtzaile eta irabazle arteko lehia bat nahi. Oianguren Parkea ordiziar guztiona da, eta guztion artean proiektu berria eratzen jakin behar dugu, ahalik eta integratzaileena». Belen Maiza eta Iban Asenjo EAren zinegotziek eman dute alderdiaren ikuspegiaren berri.

Ikengu enpresak 2005ean irabazitako «konkurtso publikoa» salatu du Ordiziako EAk. «Kudeaketa kaskar baten ondoren eta udalak emandako bi luzapen igaro ondoren, enpresak proiektua egiteari uko egin dio, epeak inoiz bete ez dituela».

«Akats berean erori nahi ez»

Urte askoan Oiangu ordiziar askoren «topalekua» izan dela diote, eta aurrerantzean ere hala izatea nahiko du EAk. «Bost urte dira enpresak kontzesioa irabazi zuenetik, eta gaur-gaurkoz Oianguren parkean ez dago ez tabernarik, ez jatetxerik, ez hotelik, eta ezta golf zelairik ere. Proiektua, beraz, ez da gauzatu».

Ordiziako EAk dio ez duela «akats berean berriz erori» nahi, eta Ikenguren proiektua «lurperatuta» dagoenez, «proiektu berri bat» egitearen aldekoa dela. «Proiektu berrian herritarren partaidetza bermatzeaz gain, ingurumenaren aldeko irizpideak ezarri behar dira, bertan dagoen aberastasun ekologikoa balorean jarriz, eta egon daitezkeen aukera hezitzaileak aztertuz». Proiektu berri horretan golf zelaia jartzea baztertu du EAk. «Enpresak berak frogatu digu ez dela errentagarria».

Orain bi urtetik hona Oiangun jarrita dauden «kreosotadun zutoin toxikoak» kentzeko exijitu du EAk, «osasunean sor ditzaketen kalteak behin betiko ekiditeko».

Sentsibilitate guztiak eseri

Udaleko gobernukideen aldean bestelako irizpideak azaltzen ari da EA, eta «behar-beharrezkotzat» jotzen du Ordiziako sentsibilitate guztiak mahai baten inguruan esertzea. EAJ eta PSE-EE mahai horretan egotea «aukera erreala» dela uste du EAk.

Goierriko Hitza 2010-05-13

No hay comentarios:

Publicar un comentario