2010/05/13

Manifestazioa egingo dute bihar Ordizian



Manifestazioa egingo dute bihar Ordizian


Oiangu Bizirik plataformak deituta manifestazioa egingo da bihar Ordizian, Oiangun golfik ez! Partaidetza bai! goiburupean. Manifestazioa Plaza Nagusitik abiatuko da 19:00etan. Alternatibak, Aralarrek, ezker abertzaleak, Ezker Batuak, Ordiziako Gazte Asanbladak eta Ordiziako LABek babestu dute biharko mobilizazioa.

Oiangu Bizirik-ek gogoratu du Ordizian «proiektu integral» bat egin nahi zuen enpresak proiektua «bertan behera» utzi duela, eta bost urteren ondoren egin beharreko balorazioa «tamalgarria» dela. «Eta tamalgarria ez da soilik inguru ireki bat zena gaur egun itxita dagoelako, baizik eta Oiangu bera dagoelako egoera tamalgarrian».

Ordiziako EAJ eta PSE-EE «ezer gertatu ez balitz bezala jokatzen» ari direla uste du plataformak, eta haien helburua proiektuarekin jarraitzea dela. «Badirudi orain proiektuarekin aurrera egiteko dirua duela udalak, edo ondorio hori ateratzen dugu behintzat orain gutxi eman dituzten informazio publikoetatik».

Egoera ikusita, eta «etorkizunean sor daitezkeen arazoak saihesteko», prozesu «garden eta parte-hartzaile bat» martxan jartzeko deia egin diote udalari. «Hori da orain dela bost urte udal honek hartu zuen erabaki okerra zuzentzeko bide bakarra», nabarmendu dute.
Goierriko Hitza 2010-05-13

No hay comentarios:

Publicar un comentario