2010/05/14

Plan Bereziaren helegitea Madrilen dagoela gogoratu du Oiangu Bizirikek

.
.

Plan Bereziaren helegitea Madrilen dagoela gogoratu du Oiangu Bizirikek

EAEko Auzitegi Nagusiaren epaia «ezkor» hartu dute, ez duelako aztertu kontzesioa legezkoa den ala ez.



Ordiziako Udalak 2007ko maiatzean onartu zuen Oianguren Parkearen Antolakuntzarako Plan Bereziaren aurkako kasazio-helegitea Espainiako Auzitegi Gorenean, Madrilen, dagoela gogoratu du Oiangu Bizirik plataformak, eta beraz, elkarte horrek abiatutako auzibideak ez daudela «erabat itxita» nabarmendu du. «Gaia erabakitzeke dago oraindik».

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak apirilaren bukaeran emandako epaia udalak Ikenguri emandako kontzesioari buruzkoa dela zehaztu dute plataformako kideek, eta epai hori «ezkor» hartu dutela. «Argi eta garbi esan nahi dugu epai horrek ez duela aztertu kontzesioa legezkoa den ala ez, baizik eta esan duena da herritarrok ez dugula eskumenik administrazioak hartutako erabakiei helegitea jartzeko».

«Tratu mesedegarria»

Epai horrek Arartekoak emandako aholkuak ez dituela aintzat hartu ere nabarmendu dute (kontzesioa baliogabetzeko eskatu zion arartekoak udalari), eta emandako epaia Plan Berezian oinarritua dagoela diote. «Plan hori 2007koa da, eta, beraz, kontzesioa eman zenean planik ez zegoen oraindik». Ikenguk Oiangu Bizirikeko kide batzuen aurka jarritako salaketa artxibatuta dagoela ere esan dute. «Parkean txikizioak egiteagatik» jarri zuten salaketa hori.

Oiangu Biziriken iritziz golf proiektuak «eremu publiko bat pribatizatzea» suposatzen du, eta proiektu hori «lege prozedurak bete gabe» egin da. «Irekiera baimenik gabe ireki zuten eta bi urteren ondoren kendu gabe dauden zutoin toxikoak jarri zituzten. Uste dugu enpresaren aldeko tratu mesedegarria egon dela».

Hainbat galdera ere egin dizkiote udalari. «Nola berreskuratu behar du Oianguren kudeaketa? Ikenguk itzuli al du 120.000 euroko bermea? Zer egoeratan dago Oianguren baserria?». Horri guztiari «aurre egiteko» deitu du Oiangu Bizirikek manifestazioa.
Goierriko Hitza 2010-05-13

No hay comentarios:

Publicar un comentario