2010/02/10

Oianguko plan bereziaren aurkako helegitea jarri dute Espainiako Auzitegi Gorenean


Auzitegi Gorenak «gauzak bere lekuan jarriko» dituela uste du Oiangu Parkea Bizirik Natur Elkarteak

Ordiziako Udalak 2007ko maiatzean onartu zuen Oianguren Parkearen Antolakuntzarako Plan Bereziaren aurkako kasazio-helegitea jarri du Oiangu Parkea Bizirik Natur Elkarteak Espainiako Auzitegi Gorenean. Oiangu Bizirikek 2007ko irailean plan horren aurkako helegitea sartu zuen EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, baina auzitegi horrek helegitea ez onartzea ebatzi zuen aurtengo urriaren 23an ezagutzera eman zuen epaian. Justizia Auzitegi Nagusiaren arabera, Ordiziako Udalak onartutako planak «indarrean dagoen legediarekin bat egiten» du, eta «tramitazioa egiterakoan lege betebehar guztiak, Ingurumen Inpaktuaren azterketa barne, kontuan izan» dira.

Aurkako epaia jaso ondoren, Oiangu Bizirikek erresoluzio hori aztertzeko denbora hartu du, eta azkenean gorenen dagoen instantziara jotzea erabaki du. «Ordiziako Udalaren aldeko epaiak plan berezia legezkoa dela dio, eta golf zelaia eta bestelako ekipamenduak parke publiko batean egin daitezkeela justifikatzen du, baina epai hori ez da irmoa». Auzitegi Gorenak du azken hitza plan bereziari buruzko auzian.

BUKAERAINO SEGITZEKO ASMOA

Herritarrak auzibideetan hastea «ekonomikoki kostu handia suposatzen» ari da, Oiangu Bizirikek dioenez, baina «epai borroka horrekin bukaeraraino segitzeko» erabakia hartua dute. «Uste dugu Auzitegi Gorenak, azkenik, gauzak bere lekuan jarriko dituela».

Horrelako jardueren aurka izan diren beste ebazpen batzuen berri badutela diote elkarteko kideek. «Erabilpen publikoa duen parkea gizarte osoaren ondarea da, guztiona da. Erabilpen hori ezin da gutxietsi, ezta ezeztatu ere, baldin eta gutxi batzuen mesederako bada». Legeak printzipo hori «argi zehazten» duela azaldu dute, «hiritar logikaren isla delako».


Hitza: 2009-12-01

No hay comentarios:

Publicar un comentario