2010/02/09

Oianguko «jokoak», urtebete


Uztailaren hamaikan urtea bete da Ordiziako Oiangu parke publikoan golf praktiketako joko zelaia inauguratu zenetik. Joko zelai hori ingurumen ikuspegitik eta sozialki zentzugabekeria hutsa da. Alde batetik, parkearen zati handi bat pribatizatu delako, eta, bestetik, legeak berak arautzen duena ez duelako betetzen. Izan ere, gaur egun, joko zelaiak ez du betetzen ingurumen legedia, ez du jarduera eta irekitze lizentziarik, eta ez du ur zikinen isuri baimenik. Gainera, kreosota produktu toxikoa duten zutoinek inguratzen dute zelaia, nahiz eta PRE/2666/2002 Aginduak, 2003ko abenduaren 31ko legearen bidez, galarazi egiten duen horrelakorik erabiltzea parke publikoetan eta jolasgune irekietan.

Oiangu Parkea Bizirik Natur Elkarteak egoera hori etengabe salatzen duen arren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoak zutoin horiek hor ezin dutela egon esan arren, eta Ordiziako Udalak berak parkearen kontzesioa duen Ikengu enpresari bitan zutoin horiek bertatik ken ditzala agindu dion arren, ez dute halakorik egin. Gainera, enpresak agindu horien aurkako errekurtsoak aurkeztu ditu.

Ordiziako Udala, Jose Maria Santamaria alkatea buru duela, egoera honek irautea eta ez konpontzea baimentzen ari da. Martxoan udalak dekretu bat argitaratu zuen Ikenguri gogoraraziz ez duela irekitze eta jarduera baimenik, eta, beraz, ezin dituela funtzionamenduan izan Kirol Elkarteak eta Golf Praktika Zelaiak. Baina, zergatik ez dio Santamariak Udaltzaingoari agintzen zelaia itxi dezan?

Bitartean, zer gertatzen da Ikenguko arduradunekin? Hitzez ingurumena zaintzearen alde agertzen diren bitartean, ez dute inolako erreparorik ingurumena kaltetzeko eta legedia urratzeko, ahalik eta eperik motzenean irabazi ekonomiko handiena lortzearren.

Dena den, ez dira egitasmoa nahi zuten moduan garatzen ari. Izan ere, egitasmo horrek izan duen herritarren aurkakotasunak eta krisi ekonomikoak, proiektuaren lehen fasea soilik gauzatzea eragin dute.

Azkenik, zer esan dezakegu Gipuzkoako Foru Aldundiaz, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailaz eta Golf Federazioaz? Horiek zelaiaren inaugurazioan izan ziren, babesa emanez parkeko ingurumena kaltetzeari eta legez kanpoko egoera honi.

Emandako arrazoiengatik, ordiziar orori eskatzen dizuegu zentzugabekeria legal, sozial eta ingurumenezko honi aurka egin diezaiozuen, eta babes ditzazuen golf proiektuaren aurkako ekintzak eta abian den boikot kanpaina. Horrela, datorren astean, uztailaren 23an, goizeko 8etan izango den Udal batzarrera deitzen ditugu ordiziarrak, maiatzetik aurkeztuta dugun mozioa jorratuko baita bertan.



Oiangu Parkea Bizirik Natur Elkartea

No hay comentarios:

Publicar un comentario