2010/05/07

Ordiziako Udala




Oiangu Bizirikek hasitako auzibidea itxitzat eman du EAEko Auzitegi Nagusiak

Auzitegiak udalaren aldeko epai irmoa eman du, eta plataformak ordaindu beharko ditu epaiketen gastuak

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak itxitzat eman du Oiangu Bizirik plataformak «Ordiziako Udalari egindako salaketen zerrenda» eta «Oianguren parkeko proiektuan egindako jardueraren inguruko eztabaida». Apirilaren bukaeran jaso zuen udalak auzitegiak bidalitako epai irmoa. «Auzitegiak udalaren aldeko erabakia hartu du, helegiteak jartzeko aukera baztertu du eta plataformari epaiketetako gastuak ordaintzeko zigorra ezarri dio».

Jose Migel Santamaria Ordiziako Udaleko alkateak prentsaurrean eman du gaur auzitegiaren erabakiaren berri, Jon Txurruka alderdikide eta zinegotzia eta Iñaki Dubreuil PSE-EEko zinegotzia ondoan zituela. Gobernu taldea osatzen duen hirugarren alderdiko (EA) ordezkaririk ez da egon.

Santamariak gogoratu du plataformak udalaren aurkako «salaketa dezente» egin dituela, eta adierazi du salaketa horiek ez direla politikarien aurkakoak soilik izan: «Teknikarien aurkakoak ere egin ditu». Honako salaketak egon direla gogoratu du: «Prebarikazioa, prozeduran legea ez betetzea, irregulartasunak, eremu publikoak pribatu bihurtzea eta esleipena zuen enpresaren aldeko tratua izatea».

Hori ez ezik, alkateak azaldu du plataformak Arartekoarengana ere jo zuela, erakunde horrek arrazoia eman ziola plataformari eta udalak jarritako prozeduraren aurka azaldu zela, eta udalak jarraitu beharreko bidearen inguruko gomendioak eman zituela. «Arartekoa oker zegoen. Zentzu honetan, epaiak dio udalak zorrotz bete duela ezarritako legezko prozedura. Argi eta garbi utzi du hori».

Goierriko Hitza 2010-05-07

No hay comentarios:

Publicar un comentario