2010/04/14

Handia bezain sentibera


Ingurumena

Kantauri itsasoa bere osotasunean islatzen duen argazki erakusketa dago ikusgai D'elikatuz gunean.


Euskal Natura taldeko Nano Cordovilla, Alex Iturrate, Luis Llavori, Peio Romanet eta Jesus Villalba argazkilariek prestatutako Kantauri: ikuspegiak eta begirada erakusketa hilaren 23a arte bisita daiteke Delikatuz aretoan. Landarlan natur elkarteak eta Oiangu Parkea Bizirik-ek bigarren urtez segidan ekarri dute Ordiziara Euskal Natura taldearen argazki-sorta, Ordiziako Udaleko kultura, zerbitzuak eta Agenda 21 delegazioak diruz lagunduta. «Kantauri itsasoaren dibertsitatea argazki ederren bitartez gerturatu nahi diegu herritarrei, hari buruzko ezagutza zabaldu eta bere kontserbazio eta babeserako jarrerak bultzatzeko asmoarekin», diote antolatzaileek.

Formatu ezberdineko irudiak

Erakusketan neurri eta formatu ezberdineko argazkiak ikus ditzake bisitariak. Izenburuak berak dioen bezala, Kantauri itsasoari buruzko ikuspegiak paisaia argazkiekin ematen ditu erakusketak, eta begiradak, berriz, itsaspean aurki daitezkeen arrain eta espezieen begiratuekin.

Paisaia argazkietan itsasoaren ikusgarritasuna eta erakargarritasuna irudikatu nahi izan dute argazkilariek, itsaslabarren, amildegien, eta egunsentiko eta ilunabarreko koloreen irudiak uztartuz. Alderdi artistikoa nabari da bereziki horietan.

Itsas bizitza dute oinarriak gainontzeko argazkiek, ikusgarriak batzuk, koloretsuak besteak, denak mezu jakin baten eramale. Argazki guztiek informazio fitxa dute, xehetasunen berri izan nahi duten bisitariei begira.
Goierriko hitza

No hay comentarios:

Publicar un comentario