2010/04/23

Anabasa bideratu nahian

.
.

Ikenguk Oiangu kudeatzeko kontzetsioari «hitzez» uko egin ondoren, udalaren esku geratu da parkearen ardura. EAk, oposizioak eta plataformak prozesu parte-hartzailea eskatu dute.


Anabasa bideratu nahian. Horretan ari dira Ordiziako Udala, oposizioko alderdiak eta Oiangu Parkea Bizirik Natur Elkartea. Oianguren Aisialdi Gunea itxita dago, Ikengu enpresak porrot egin duelako. Parkea ez, parkea zabalik dago, nahiz eta duen itxura tristea izan. Bost urtean ez du aparteko zaintzarik eduki. Bost urtean zalaparta besterik ez du eragin Oiangurako Ikenguk proposatutako proiektuak eta udalak enpresa horri emandako 40 urteko kontzesioak. Krisi ekonomikoa dela, edo herritarren sektore batek egindako presioa dela, Oianguren parkearen oraina ez da inguruak merezi duena.

Ikengu enpresak porrot egin duela jakina da herritarren artean, eta egoera horren aurrean edonori bururatzen zaion galdera honakoa da: Eta orain zer? Otsailaren 25eko osoko bilkuran Oiangu Bizirikeko kideek galdetu zioten Jose Migel Santamaria alkateari Oianguko golf praktika kantxaz, haren erabileraz, txukundadeaz, zutoinez... Hona orduko erantzuna, bilkuraren aktan jasoa: «Praktika kantxa itxita dago. Une honetan ez dakit Ikengu enpresa ordainketa eteteko prozesuan dagoen. Dakidan gauza bakarra da Ikenguk kontzesioa utzi duela».

Harrezkero ia bi hilabete pasa dira, eta gauzak ez dira gehiegitxo aldatu. Tarte horretan, Iban Asenjo (EA) Agenda 21 eta Zerbitzuetako zinegotziak sinatutako ohar bat dago golf praktikako kantxaren sarreran. Golf kantxa itxita. Golfean ibiltzea debekatuta, dio oharrak. Eta beste datu aipagarri bat izan daiteke azken asteetan Oiangun pilatzen joan diren zabor poltsak jasotzeko agindua eman duela udalak. Egoera horren aurrean, Oianguko parkearen auziaren erradiografia egin du GOIERRIKO HITZAk, auzian zeresana duten eragileen iritziak bilduz.


Beste enpresa baten bila

Ordiziako Udalak prentsa ohar labur baten bidez plazaratu du Oianguri buruz duen iritzia. «Ordiziako Udalak Oianguren parkearen kudeaketa berreskuratu du. 2005ean Ikengu enpresari esleitu zitzaion proiektua aisialdi proiektu integral bat garatzeko, baina enpresak uko egin dio kontzetsioari. Une honetan uko egin izanaren arrazoiak definitzen ari dira. Udalak parkeko hiri-altzariak berreskuratu nahi ditu, eta horien, eremu berdeen eta zuhaitzen mantenuaz arduratzeko asmoa du. Pasa den astean ingurunea garbitzeko lanak egin zituzten, eta lan horrekin jarraituko dute. Bestalde, golf-praktika kantxako sareari eusten dioten posteak ordezkatu egingo dira, hurrengoan berriro irekitzen dutenerako. Parkeko eraikina hotel-jatetxe bihurtzeko kudeaketa lanak aurrera doaz, aurreikusita dagoen moduan. Udalak Oiangun gertatzen denari buruzko informazioa emango du datozen asteetan».

Bestalde, kazetariaren galderei erantzunez, Udalak esan du Ikenguk «hitzez» egin diola uko kontzesioari, «idatziz oraindik ez dago ezer». Egoera «definitzen» ari direla dio, kantxa praktika udalaren esku geratzen dela, eta «beste enpresa baten bila» ari direla.

Ordiziako Udaleko gobernu taldea EAJ, PSE-EE eta EA alderdiek osatzen dute, baina Oianguko auzian EA «desmarkatu» egin da. Alderdi horren ustez, udalak gune horren «kudeaketa osoa» bereganatu behar du. «Frogatutzat ematen dugu golf zelaia ez dela errentagarria. EAk zeharo baztertzen du golf proiektu berri bat».

Hala ere, Oiangu «interes turistikoko gunea» dela uste du Eusko Alkartasunak, eta «proiektu berri bat» egiteko beharra sumatzen du, hurrengo baldintzekin: «Balizko, eta zilegizko enpresa interesez gain, interes herrikoiak eta ingurumekoak egon behar dira, eta proiektu berria herri partaidetzaren bitartez osatua izan behar da». Proiektu berri horretan taberna, jatetxea eta hotela egotea babesten du Ordiziako EAk.

Orain bost urte baino okerrago

Oiangu Bizirik plataforma orain bost urteko martxoaren 18an aurkeztu zuten publikoki, eta harrezkero Udalak eta Ikenguk onartutako proiektuaren aurka aritu da lanean. Lan hori udal ordezkariei bilerak eskatuz, kalean mobilizazioak eginez, protesta ekintzak eginez eta lege-bideak erabiliz egin dute. «Ikenguren obra material pila bat dago oraindik, zutoin toxikoak kendu gabe daude, sareak hautsita. Egoera negargarria da, orain bost urte baino okerragoa. Hala ere, esan behar dugu ez dela proiektua aurrera eraman, bakarrik aurreneko fasea egin da. Beraz, okerragoa izan zitekeen. Gu behintzat pozik gaude, badirudielako ez duela aurrera egiten».

Oiangu Bizirikek uste du «handiegia» egin zaiola proiektua udalari, eta «haien ezjakintasuna» agerian geratu dela. «Hanka sartu dute behin eta berriz. Legalki, adibidez, ez dute gaia kontrolatu, eta kasualitatez plataformaren atzean ingurumen gaiak ezagutzen dituen jendea egon da». Lege-bidea ez ezik, plataformaren eta herri mugimenduaren «indarra» nabarmendu dute, eta uste dute eragile horiek egon ezean proiektua «beharbada eginda» egongo zela.

Golf praktikarako kantxa ixteko oharra alkateak sinatu beharrean Agenda 21eko zinegotziak izenpetzea ere kritikatu dute. «Alkateak inauguratu zuen eta berak itxi behar luke, bera delako arduradun nagusia». Baina aurrera ere begiratu nahi dute, eta horretarako «zerotik hastea» proposatzen dute, egungo proiektua «behin betiko» alde batera utziz. «Partaidetza prozesu bat jarri beharko litzateke orain martxan, denon artean beste proiektu bat egiteko, udala barne». Udalak bilera eskari bat baino gehiago atzera bota diela ere salatu dute, eta uste dute udalak informazioa eman behar duela. «Ez dute ezer garbirik esaten, eta badirudi ez dutela esan nahi».


Oposizioko alderdien iritzia

Ezker abertzalea eta Aralar hasieratik egon dira proiektuaren aurka, eta biek uste dute udalak herritarrei galdetu beharko liekeela. «Udala publikoa den eremu bat pribatizatu nahian ibili da, herritarrei informazioa ezkutatuz eta gezurretan», uste du ezker abertzaleak. Herritarren mobilizatzeko gaitasuna ere txalotu du. Aralarrek ere gogor kritikatu du Udala: «Egoera honen erantzule nagusia ez da Ikengu, udala kudeatzen duten alderdi politikoak baizik».



«Parkeko eraikina hotel-jatetxe bihurtzeko lanak aurrera doaz, aurreikusita dagoen moduan»
Ordiziako udala


«Frogatutzat ematen dugu golf zelaia ez dela errentagarria. Zeharo baztertzen dugu hori»
Ordiziako ea


«Partaidetza prozesu bat jarri beharko litzateke martxan, denon artean proiektu berria egiteko»
oiangu bizirik elkartea


«Udala publikoa den eremu bat pribatizatu nahian ibili da, herritarrei informazioa ezkutatuz»
ordiziako ezker abertzalea


«Egoera honen erantzule nagusia ez da Ikengu, udala kudeatzen duten alderdiak baizik»
ordiziako aralar



Goierriko Hitza 23-04-2010

No hay comentarios:

Publicar un comentario